|
Oria
ibaiak 1953an izan zituen uholdeekin lotzen da zuzenean Alpino Uzturreren
sorrera. Nola? Bada, uholde haiek eragin zituzten kalteen artean Berazubi
stadiumekoak handiak izan ziren eta Tolosa CFk hura berreraikitzeko
proiektu bat aukeztu zuen 1956an Igarondo zineman egin zen asanblada
batean. Orduan mendi sail indartsua zuen Tolosa CFk eta mendizale ia
gehienak proiektuaren aurka agertu ziren asanblada hartan, sortu nahi zuen
kirol eskola Falangeren menpekoa izango zela uste zutelako. Horren
ondorioz 100 bazkide baino gehiago Tolosa CFtik bota egin zituzten eta
mendi sailean ia inor ez zen gelditu. Kaleratutako
mendizale haiek elkarte berri bat sortzeari ekin zioten. Mendiko
Federazioak (Vasco-Navarra deitzen zen orduan) elkarte berria
justifikatzeko arazoak izan zituen beste erakundeen aurrean, Tolosan beste
bost mendi talde bazirelako: Tolosa CF bera, Aralarko Adiskideak, Ski Club
Tolosano, San Esteban eta Oargi. Esteban Larraioz, Antton Saez Basagoitia, Joxe B. Arrate, Peter Schnabel,
Javier Luarizaierdi, Juanito Ugarte eta beste mendizale ezagun asko zeuden
elkarte berria sortu nahi zuen taldean eta bere esperientziari eta izenari
esker lortu zuten. 300 sinadura baino gehiago lortu zituzten. Sorrera batzarra 1958ko
abenduaren 13an egin zuten eta Juan Mari Goiogana aukeratu zuten
lehendakari. Materialik gabe, lokalik gabe, beste elkarte baten menpe
izatetik naturaren inguruko kiroletan zentratutako elkarte berri bat
izatera pasatu ziren. Korazonistetan hasi ziren elkartzen, Cordimarianaren
lokaletan. Handik urte gutxira, 1962an, gaur egungo egoitzara pasatu ziren,
Gudari kalera. Jose Sasieta zen orduan lehendakaria. Lehen aipatutakoez
gain, Mikel Arrastoa, Periko Agirre Txipia, Kepa Brau, Javier
Alkorta, Ignazio Zuriarrain Koeti, Miguel Garcia Pelu, Jose
Luis Zabaleta, Jose Luis Lopetegi, Jose Luis Mendieta... aipatu behar dira,
besteak beste. Mendira joateko autobusak, haurrentzako martxak,
kanpamenduak, eskalada eta eski ikastaroak, eski probak, hitzaldiak,
proiekzioak... antolatzen zituzten. Lehen aipatutako mendizale batzuez
aparte, eskaladan Felix Etxeberria, Iņaki Sagredo, Santiago Arrospide,
Patxi Berrio (Naranjon hila Ramon Ortiz tolosarrarekin batera), Jesus Mari
Oiarbide, Javier Miralles... aritu ziren. Eskiatzen berriz, David
Hernandez, Antonio Lobo, Jose Luis Lekuona Gorri, Jose Antonio
Gorostidi, Angel Ortiz... izan ziren lehenak. Kirol
alorraz gain, lehen hamarkada hartan beste helburu nagusi bat lortu zuen
Alpino Uzturrek: tolosarren onarpen soziala. Horretan lehen aipatutakoen
lana nabarmendu behar da. Herriko egunkarietan eta irratian egindako
propaganda lana ere handia izan zen garai hartan. Eta egoitzan
funtzionatzen zuen tabernak ere gizarteratze hartan asko lagundu zuen. Harrez
gero aktibitateak ez du etenik izan, batzuetan besteetan baino gehiago.
Mendi irteera ugari egin dira Euskal Herria osoan zehar eta baita
Pirinioetara ere. Elkarteko zenbait kidek espedizioak egin izan dituzte
Laponian (David Hernandez, Jose Luis Lekuona Gorri, Mikel Zabala
eta Antxon Bandres) eta Groenlandian (Angel Ortiz, Josu Iztueta, Dina
Bilbao, Nekane Urkia eta Txiki Plazas) zehar. Iaz Candido Aizpuru bazkide
zizurkildarrak 8.000 bat lortu zuen: Gasherbrum II (8.085 m). Elkarteko
kide asko aritu dira eta ari dira eskalatzen. Eski taldeak ere probetan
parte hartzen jarraitu du, kide batzuk selekzioetara iritsiz: Angel Ortiz,
Garbiņe Alkorta, Joseba Rojo... Urte batzuetan mikologiak arrakasta
handia izan zuen Tolosan eta Alpino Uzturrek ere parte hartu zuen zenbait
lehiaketatan, antolatzaile eta lehiakide gisa. Gaur egun, Alpino Uzturrek Gudari kaleko egoitzan
jarraitzen du, 500 bazkidetik gora ditu, Aitor Oiarbide da lehendakaria
eta federazioko txartelak egiten, mendi irteerak antolatzen, eskaladan eta
iraupen eski taldean zentratzen du bere aktibitatea. |